XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TTIKIEN ARRANGURA Piarres LARZABAL.

Beza zak ttiki horri! Zonbat aldiz ez ditut hitz horiek entzun Piarres Larzabal-en ahotik, elgarrekin egiten ginituen harat-hunatetan!.

Bai, Piarres-ek ttiki mota guziak maite zituen, eta bereziki haurño bat ikusten zuelarik, lorietan hari so egoiten zen.

Bera jende xehetarik ateraia, ttikiak ez ditu sekula ukatu.

Gehiago dena, bere zazpi ahalak egin ditu ttikien handitzeko, jende xumeen ohoratzeko.

Kasik erran, ditake bizi guzia iragan duela jende apalen goraltxatzen, hots Magnificat-aren mezua obretan ezartzen.

Neskato eta mutilen alde bazaukan errespetu berezi bat.

Bera, gazte denboran, ostatuan zerbitzari egona zen, liburu erosteko ditu pixka bat baztertu beharrez.

Gero bera, lagunekin ostatuan gertatzen zelarik, apairua bururatzean, ordaintzea gutiz gehienetan bere gain hartzen zuen, eta diru parte on bat zerbitzariari uzten: moltsaz ez balin bazen aberats, bihotzez hala zen.

Laborari seme, laborantzaren alde hainitz egin du, bereziki laborari gazteak eskolatuz: Alemanian preso zelarik ohartua zen gure eskualdeko laborantzan ere aldaketak behar zirela, hala-nola hazki-xixtaren bidez kabala-arrazen hobetzea.

Langilez ere gain-gainetik arduratu da, mail hortan Elizaren erakaspenak hedatuz eta zindikalari gazteak moldatuz.

Hain zuzen, jauntto zonbeitek ez zioten hori barkatzen: behi, beren artean bazkaltiar gertaturik, apez gorri horren jorratzen hasi ziren, baizik eta bere apez lana ez zuela ongi betetzen.

Mathieu, Hazpandar sendagileak laster ixilarazi zituen, erranez bere denboran apez guti ezagutu zuela, eri eta xaharrez Pierres-ek bezenbat arta hartzen zuenik.

Larrun mendiko maxelan sortua, Piarres-ek menditarrak maite zituen.

Baionako apezpikuak proposatu ziolarik Xibero-Basabûrûko Santa-Grazirat erretor joaitea, berehala baietz erran zion, holakorik ez bazuen ere sekulan eskatu, jaun zonbeitek haren hurruntzeko gezurrez errana zuten bezala.